I.Geocaching hezitzailea
Urriaren 13an Gipuzkoako I.Geocaching hezitzailea burutu zen berde-berdearen festa zela eta. Festan Gipuzkoako sei ikastetxek parte hartu zuten eta bakoitzetik lau ikaslek “altxorraren bilaketa” berezi honetan jolastu ahal izan zuten.

“Geocaching” ingelesetik hartutako termino hau lehen aldiz entzuten dutenentzat, labur azaltzeko, ohiko altxorraren bila jolasa da, hau da, puntuz puntu eta bakoitzean aurkitzen diren pistak jarraituz ezkutatuta dagoen kokalekuraino iristen saiatzea.

“Geocaching” izenak aditzera ematen du jarduera honetan, GPS teknologian oinarritzen den orientazio aparatu bat erabili behar dela, aparatu honi GPS soilik deituko diogu, GPS hargailu beharrean.
Parte-hartzaileek lehen puntua zein den eta zer egin behar duten puntu bakoitzean aurkitzen dituzten pistekin jasotzen dituen orri bat dute. Horrekin, koordenatu berriak lortzen joaten dira.
Zehaztasun gehiago izateko eta “joko ” honen nondik norakoak hobeto ulertzeko orrialde honetan argitaratua dagoen artikulua irakur dezakezue: Zer da Geocaching-a?. Munduan milaka lagun ibiltzen dira sasi-kirol honekin bueltaka, www.geocaching.com orrialdean ondo ikus daiteke mugida guztia.
Berde-berdea festara itzuliz, parte hartu zuten ikastetxeak honakoak ziren: Axular Lizeoa (Donostia), San Jose Ikastetxea (Hondarribia), El Pilar Ikastetxea (Irun), Aralar Institutua (Alegia), Aita Larramendi Ikastola (Andoain) eta Haurtzaro Ikastola (Oiartzun). Sei laukoteak, koloredun zinta bereizgarriak hartuta, Kutxagunetik Miramonen dagoen anfiteatro ederraren ingurura joan eta itzuli egin zuten, ia 2 Km izan ziren, eskerrak eguraldi aparta egin zuela.
Hiru laukoterentzat lehenengo puntua anfiteatroa izan zen, zehatzago esateko, anfiteatroko alde banatan dauden eskaileren oinak. Bertan, hurrengo puntuko koordenadak lortu ahal izateko, eskailera hauek zenbatu behar izan zituzten. Eta ez pentsa eskailera gutxi batzuk zirenik, 102 alde batean eta 114 bestean! Meritua badaukate, ezta?
Bigarren puntua hiru laukote hauentzat eta lehenengoa beste hiruentzat anfiteatro ondoan dagoen zubi handia izan zen, non zubian zenbat argi dauden zenbatu zuten. Zenbaki hori, idatzita zituzten ekuazio batzuetan sartu eta batzuk buruz egin behar izan zituzten kalkuluak egin eta gero, hurrengo puntuko koordenatuak lortu zituzten.
Ikaleak kanpoan jolasten ari zirela zirudien baina GPSaren erabilera menderatu behar zuten eta baita orientazioa ere, taldean eztaidatu eta erabakitzen zuten norantza egokia zein zen, kalkuluak egin eta zuzentzen zituzten erantzun koherenteak izan zitezen,… Gaitasun eta talde-lan proba ederra beti ere dibertsioarekin lotua.
Ordu bete baino gehiago buelta eta buelta igaro ondoren, lehenengo taldea azken puntura iritsi zen. Altxorra Einsteinen sorbaldatik zintzilik zegoen ordenagailu zorro batean zegoen eta guztiek oroigarri txiki bat izan zuten.
Lehenengo iritsi zen taldea, primeran ibili zen Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako laukotea izan zen eta ondoren, pixkanaka, beste ikastetxe guztietako taldeak iristen joan ziren.
Guraso eta irakasleak, GPS eta geocaching-ak hezkuntza nahiz dibertsiorako aukeraz beteriko mundua dakarkigu. Ezagutzen ahal duzue horrelako beste ekintzarik?
Geocaching-aren erreportaje fotografikoa.
